XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Hirugarren arrazoi bat, erlijioaren kritikoek bururatu zuten arrazoimen hutsezko gizonaren frakasoa da.

Praktikan, batez ere.

Horkheimer bat beldur zaizu, giza baliogorik ederrenak hondatu direla.

Baina teoria aldetik ere: arrazoimena eta erlijioa (zientzia eta fedea, filosofia eta teologia, etc.) elkarri kontrajarriz, gizona baitesteko erlijioari gaitzeritzi beharra zegoela pentsatzen bazen ere, alternatiba harek jadanik ez dirudi nahitaezkoa.

(Honekin ez da ukatzen, momentu historiko batetan kontradizio hura eta alternatiba hura nahitaezkoak izan zitezkeenik).

Are gehiago: erlijioa ukatu beharrerainoko gizonaren baitespen harek neurrigabeko baitespen harek berak desegokitasun edo kontradizio teoriko hauxe agiri du: arrazoimen soilaren ukazio edo superazio bat inplikatzen duela berak ere, eta, beraz, gizonaren baitespen molde honek, erlijioa arrazoimenaren izenean kondenatuz, azkenean arrazoimena bera gutietsiz baitesten duela gizona, arrazoimenak erakus lezakeen baino hagitz aurrerago doa eta.

Hau da, gizonari hemen aitortzen zaion beregaintasuna, arrazoi bide eta enpiria bide hutsez eskura ezindakoa da.

Baitespen mitiko bat da.

Eta gizonari Prometeo eritziz, ideia hori Marxek irudi mitiko batez adierazi bazuen, agian, guztiz logikoki jokatzen zuen: mito bat ukatzeko beste mito batetaz baliatuz.

Nolanahi ere, gizonaren erlatibutasuna behinola baino gogoanago dugu gaur.

Eta jadanik ez zaigu iruditzen, norberaz gora tranzendentziara jotzeak, besterik gabe, gizona menosten duenik.

Tranzendentziara jotzea, esaten dugu.

Zeren eta erlijio positibuek katolizismoak, adibidez tranzendentzia hartan gauzak nolakoxeak diren ere xehe-xeheki deskribatzen bait dizkigute.

Eta hori besterik da.

Hemen erlijioaz arrunki ari gara eta ez erlijioren baten errebelazio eta dogma bereziez.

Ezin esan liteke, erlijio kritikaren haroa pasa denik, batzuek sines arazi nahi liguketen bezala.

Eta ez dugu uste pasako denik ere, arrazoimenak ezer esaterik duen eta bere obligazioak ahazten ez dituen artean.

Pasa dena, dudarik gabe, erlijioaren dogmatismoa hautsi zuen erlijio kritikaren beraren dogmatismoa da.

Erlijioari buruzko judizio positibu nahiz negatibu orokorrak eta erabatekoak emateko garaia, arrunki.

Borobiltasunen garaia.

Erlijioa zerako zera DA moldeko esaera absolutuek, orokorrek, gero eta zailago dirudite, eta funts gutiagokoak halaber.

Erlijioan hainbeste gauza dago! Hainbeste gauza eta hainbeste gizon da erlijioa!.

Baina beste gauza askotan ere berdintsu da hori.

Hegelena bezalako estetika teoria bat pentsa ezinezkoa litzateke gaur.

Jeneralean, erlijioan gauza onak eta txarrak ikusten dira.

Eta, batez ere, guztia txarrik edo onik dela esan gabe, guztiaren anbibalentzia ezagutu da.